XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inor askok aintzat hartzen ez duen
zenbait xehetasuntxo izan dut
neure jostagarri
eta lorkizun urri:
galdutako bide zahar bat,
zenbait trikuharri,
iturri goroldioz estali
ahantzi bat eta gizon-aztarna erdi
galdutakoen antsi,
ilusio edo neke basoetako isiltasunean
galduago baten dindirri
hunkigarri baten hitzerdi
erdi ulertezin eta misteriotan nahasi.
Zuhaitzek eta belarrek eta harriek eta
lurrak dakite nire begion
gutizia luze eta jakinnahi eta ikusgura
biziaren beroa
zenbateraino aritu den sumakari".

Ibiltari, usnari, bilaketari eta abenturari bezalako hitzek edo, nahiago bada, adjetiboek oso agirian jartzen dute zer den usu ikusten dena euskara irakasteko bideak jorratzen ari garenon pantaila zurian.

Ekin eta jarrai, ez dago beste irtenbiderik euskararen eta munduak duen hizkuntza zahar baten garapenaren hitzarmenezko txalupan igo garenontzat.

Edo beste euskal idazle batek zioskun bezala: Lepoan hartu eta segi aurrera".

Beraz, gauzak hala, Txanpa gutiziaz, jakinminez eta ikusguraz biziaren beroa, euskararen geroa fabrikatu nahi duen abenturaria izan daiteke.

Zenbateraino arituko den, zenbateraino iritsiko den, zenbateraino izerdituko den... azaltzen saiatuko natzaizue.

Txanpa izeneko ibiltariak badauka abantaila bat gutxienez: urte batzuk egin ditu hareatzan; borroka egin du elementuen aurka; badaki zer den hastapenetako bakardadea; ezagutu ditu anaiak; izan ditu ikusle, ikasle eta irakasleak; kritikatua izan da; goraipatua eta zendua; itsasoan intxaur-azala bezala dantzatu eta astindua...

Eta gorabehera guzti hauek eman dioten indar iraultzailea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Baina figurazio ororen gainetik, Txanpa asmoa ere bada; norako ezaguna duen egitasmoa; atzeman nahi den proiektua; har daitekeen bidea; ordain daitekeen txartela.

Gehiago esan daiteke oraindik, Euskal Herriko kirol simil bat erabiltzea zilegi bazait.

Txanpa bost ziabogatara eratu den estropada da; bost luzetara antolatutako dema, non irabazlea ez den izango ez arraunlaria bera, ez erakundea, ezta ikuskizuna ere; irabazle bakarra gorderik doan mamia izango da, izkutuan ikasten den bidea, mihietan azalduko den hizkera: euskara bera.